XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta maitasun bakoitzak bere ezaugarriak zituen: Rick erromantizismoa zen, ametsa, Pariseko egun zoragarrien oroitzapena, maiteminduta zegoelarik utzi behar izan zuena; Laszlo, aldiz, eguneroko senarra zuen, bizitza modu praktiko batez zeramana, aspaldiko ezaguna, bere ondoan egotera ohitua.

Hego haizeak garabiltzan gau eroen ondoan, egun argiko harreman egonkorra.

Horregatik, eta Asierrek hori garbi antzeman zuen pelikulan zehar, Ilsa benetan Rickez maitemindua zegoen oraindik ere.

Emakumeen begiradak, sentimenduak adierazteko dituzten moduak gero eta hobeto ari baitzen ezagutzen Asier.

Ilsaren egora zen, hain zuzen Itxasori gertatzen zitzaiona, zehatz-mehatz.

Bi mutilen artean zegoen, bizitza sentitzeko bi era ezberdinen erdian, eta emakume guztiek bezala erromantizismoa zuen maite, gutunak idazten zizkiona zuen maite, amodio beteago baten promesa usaintzen zuelako hitz haiek idazteko gai zen harengan.

Bestea, eskolako kidea, ia egunero ikusten zuena, arruntegia zen, neskaren bihotza maitasunaren eromenean zorabiatzeko ezgauza.

Hala ere, gau bateko hurbilketa hura, lige arrunt bat, aski izan zen neskarengan zalantza baten bidea irekitzeko.

Orain zen eraso gogorrago bat egiteko unerik egokiena, gainera Asierrek zeukan abantaila kontuan harturik: bere baitan zeuden biak, erromantikoa eta ikaskide arrunta, ametsik ederrenak ernetzen zituena eta edozein bebarrutan eskua sartuko ziona.

Aski zuen Rickek Ilsa Laszloren besoetara bultza zuen bezala, hark ere horixe eginda: ondo idatzitako hitz batzuk, Itxaso kontura zedin gutunen bidezko maitasun hura ezinezkoa zela, ilusio gaixo bat.

Orduan ohartuko zen Asier ikaskideak zenbat behar zuen bera bere ondoan, eta dohain berriak aurkituko zizkion bere izaera arruntean beste begi batzuekin aztarka hasi orduko.

Zine irteeran presaka alde egin zuen, Itxaso zur eta lur utzirik.

Eta gau batez, Humphrey izan zen, hitz samin haiekin neska baten patua egokitzen zuen bitartean.